Elkartea

Gasteizko Kafe Antzokia errealitate bihurtzeko helburuz 2012. urtean Gasteizko Kafe Antzokiaren Aldeko Plataforma sortu zen.

Plataformak sorreratik bi hankadun proiektua proposatu eta babestu zuen:

  1.  Euskararen Etxea: arlo kultural ezberdinetan euskarazko sormena sustatzea du helburu nagusi.
  2.  Kafe Antzokia aisialdi jarduera euskaldunak eskaintzera bideratuta egongo da.

2013. urtean Plataformak Lazarraga Kultur Elkartea sortu zuen Oihaneder Euskararen Etxea-Gasteizko Kafe Antzokia proiektu kulturala kudeatzeko lanabes gisa.


MISIOA

Lazarraga Kultur Elkartea 2013. urtean jaio zen irabazi-asmorik gabeko elkarte kulturala da, eta bere xede
nagusia kulturaren bitartez Arabako eta bereziki Gasteizko euskararen normalizazioan eragitea da.
Horretarako, Gasteizko Kafe Antzokia-Oihaneder Euskararen Etxea kultur azpiegituraren proiektua lantzen,
sustatzen eta kudeatzen du.


ASMOA

Lazarraga Kultur Elkarteak lurraldeko euskalgintzako eta kulturgintzako eragileen eta gizartearen onarpena
eta erreferentzialtasuna lortu nahi ditu, kudeatzen duen azpiegitura kulturalaren bidez euskararen
normalizazioan laguntzen duen eragile gisa.


HELBURUAK

• Euskara eta euskal kultura sustatzea
• Euskararen erabilera bultzatzea eta aberastea, euskara gizarte osora zabaltzeko eta Gasteizko euskaldunok
elkar ezagutzeko
• Euskarazko kultur adierazpide orori erakusleihoak eskaintzea: euskarari lehentasuna eman, euskaraz
programatu eta euskaraz sortzeko gune egokiak eskaini.
• Euskal kulturaren ikerkuntza nahiz sorkuntza bultzatzea
• Euskara hizkuntza gisa aztertzea


BALOREAK

1. Euskaltzaletasuna eta kulturzaletasuna: elkartearen xede nagusia kulturaren bitartez euskararen erabilera eta ezagutza sustatzea denez, elkartea osatzen duten bazkideek jarrera euskaltzalea eta kultur zalea izatea da helburua.

2. Elkarlana: Azpiegitura kulturala erakunde publiko eta pribatuen arteko elkarlanaren emaitza da. Halaber, komuneko interesak eta helburuak dituzten euskalgintzako, kulturgintzako eta beste esparruko eragileekin elkarlana bultzatuko eta sustatuko da.

3. Erantzukizuna: Gizartearekiko erantzulea, arduratsua, gardena eta profesionala. Baliabide publikoak erabiltzen diren heinean, eta elkarteak
helburu kolektibo baten ordezkaritza duen neurrian, ardura hori izan behar du.

4. Errespetua eta konfiantza: Elkartea osatzen duten kideen arteko errespetua eta konfiantza erakundearen oinarrietako bat da. Erakundeko bazkideen iritziak entzun, errespetatu eta baloratuko dira. Adostutakoa errespetatuko da eta errespeturik gabeko edozein jokabide baztertuko da. Elkartea osatzen duten kideen lanarekiko konfiantzak talde-lana erraztuko du.

5. Parte-hartzea: elkarteak ahalik eta egitura horizontaltasunaren alde egiten du, eta horren ondorioz, elkarteko kideen parte-hartzea sustatuko du. Elkartearen barne-egiturak, erabakiguneek eta prozedurek asmo horri erantzuten diote.

6. Berritzailea: egitasmo arrakastatsua eta iraunkorra izateko hain aldakorra den inguruneko beharrei erantzun behar die. Xede horrekin erakundea osatzen duten esparru guztietan aldaketa berritzaileak bultzatuko dira momentu oro.

7. Etengabeko hobekuntza: erakunde erreferente bilakatzeko eta kalitatezko eskaintza egiteko etengabeko hobekuntza ezinbestekoa da. Prozesu honen baitan baliabideen optimizazioa, esparruen eta jardunaren ebaluazioa, eraginkortasuna eta kudeaketa eredu berritzaileak izango dira kontuan hartuko diren irizpideak.