Kafe Antzokia egiteko borondate politikoa eta urratsak ematen hasteko aldarrikapena

Pasa den urriaren 26an Gasteizko Kafe Antzokiaren aldeko plataformako kideok  Gasteizko Udaleko hirigintza batzordean parte hartu genuen. Bertan proiektua aurrera eramateko benetako  konpromiso eta borondate politikoa eskatzeaz gain  azken hilabeteetan faltan bota ditugun urratsak ematen hastea aldarrikatu genuen.

Hirigintza Batzordean azaldu bezala, plataforman biltzen garenok gertutik eta adi-adi jarraitu dugu 2008tik Udalean garatu den prozesua. Eusko Alkartasuna alderdiko Antxon Belakortuk egin zuen hasierako proposamena eta orduko alkatearen, Patxi Lazcoz-en, eta Udalbatzaren ahobeteko onespena izan zuen. Horiek horrela, prozesu parte-hartzailea abian jarri zen, txosten teknikoak, bilerak, iritzi trukaketak, ateratako ondorioak….

Esan bezala, gertutik jarraitu genuen prozesua baita parte hartu ere. Txostenak irakurri genituen eta arreta handiz ondorioak aztertu genituen. Egiari zor, eredugarria izan zen erabilitako metodologia. Eta piztu zitzaigun esperantza. Behingoagatik, denok zeundeten ados, denok geunden ados: Gasteizen Kafe Antzokia bezalako gune bat, espazio bat, beharrezkoa zen. Beharrezkoa genuen.  

Lehenego hausnarketak egin ziren eta bazirudien proiektuak aurrera egingo zuela, Baina ziklo politikoak maltzurrak izaten dira batzuetan, eta 2011ko hauteskunde munizipalak zetozela eta, prozesua eten egin zen: Udal-gobernu aldaketa, alkate berria… proiektuarekiko zalantzak, kritika politikoa…Iazko urrian proiektua hiltzear zegoen.  

Geroago etorriko ziren aukera berriak: Guridi zinemen proposamena. Baina horrekin batera zailtasunak, aurrekonturik ez, krisia, arazoak…

Auskalo!  

Kontua da 2012ko udazkenean gaudela eta noizean-behin prentsan agertzen diren albisteengatik izango ez balitz ez genukeela jakingo proiektua zertan den.  

Jakin berri dugu, alkatetzak baduela Oianeder jauregian dagoen Montehermoso Kultur-Gunea Kafe Antzokirako proposatzeko asmoa…Eta oposizioko talde batzuk Espainiako Bankua ere aipatu dute berriki…  

Guridi zinemak, Espainiako Bankua, Montehermoso…Guk nahi dugun proiektua garatzeko lekuak ezaugarri zehatz batzuk bete eta asetu beharko lituzke. Ez digu edozerk balio. Baina lekua garrantzitsua izanik, ez da gehien kezkatzen gaituena. Guk dagoeneko ziurtasunak nahi ditugu, konpromiso zehatzak, proiektuak, egutegiak, epeak….denbora gehiagotxo pasatu da, lau urte Gasteiz Antzokiaz hitz egiten hasi zenetik, eta oraindik ez da martxan jarri.  

Horiek horrela galdera zuzena planteatzen diegu agintariei (Hirigintza batzordean plazaratu genuena) :  Ba al dago benetan borondate politikorik horrelako proiektu kultural bati ekiteko?

Benetako borondatea egotekotan honako eskaera zehatzak egiten dizkiegu agintariei

  • Proiektu honen alde lan egin nahi dugunoi parte-hartzeko aukera eman diezagutela.
  • Adostu dezagula zein izan daitekeen lekurik aproposena.
  • Aurreko prosezuan erakutsitako gogoa berreskura dezatela.
  • Epeak ezar ditzatela. Ezin gara ibili orain arte bezala. Egin dezagun bideorri bat, egutegi bat.
Kafe Antzokia egiteko borondate politikoa eta urratsak ematen hasteko aldarrikapena
Scroll to top