Lazarraga Kultur Elkartearen aurkezpena

Gasteizko Kafe Antzokiaren aldeko Plataformak 2013an sortu zuen Lazarraga Kultur Elkartea, plataformak izaera juridikoa izan zezan.  

Abenduan Gasteizko Udalak eta Lazarragak Oihanederren programazioa kudeatzeko urte baterako lan kontratua sinatu zuten.

Joan Perez de Lazarragak ematen dio izena elkarteari eta Nestor Basterretxeak irudia. Izan ere, jauregi kanpoaldeko “Askatasuna biribil irekitzen da” izeneko eskulturan oinarritu da Zigor Samaniego ilustradore eta disenatzaile  grafikoa elkartearen irudia  sortzeko. “Sentsibilitateen arteko lotura erakusten duen sinboloa da, errealitatea ulertzeko modu desberdinak adierazten dituena…eta horretarako zer hoberik hitzaren bidez egitea baino? Geure hizkuntzan, euskaraz” adierazi du Gorka Basterretxea semeak artelanaren inguruan.

“Oihaneder eta Basterretxearen lanaren oinarrian badago beraz ideia komuna, euskararen bitartez loturak egitea” gaineratu du José Manuel Díaz de la Bárcena Lazarraga Kultur Elkarteko lehendakariak.

Lukas Etxeberria GKAren aldeko plataformako kideak plataforma irekia eta parte-hartzailea dela gogorarazi du proiektuan interesa duen oro parte-hartzera animatuz. Parte  hartzeko info@lazarraga.eus helbidera idatzi behar da.

Programazioa Udaleko Euskara Zerbitzuarekin elkarlanean osatu zen hasiera batean.