Gasteizko Kafe Antzokia, etorkizunera begira

Lazarraga Kultur Elkarteak egoki ikusten du Oihaneder Euskararen Etxea-Gasteizko Kafe Antzokia egitasmorako kokapen proposamen sendo bat egotea. Honekin batera, egun etxadian martxan dauden jardueren jarraipena eta egitasmoarekiko kontsensu politikoa bermatu behar dela deritzo, baita izaera juridiko propioa eman eta etorkizuneko kudeaketa adostu ere. Era berean, proiektua bere osotasunean garatuko delako konpromisoa eta berme osoak izatea nahitaezkotzat jotzen du.

Aurreko astean Santa Maria Katedrala Fundazioak Oihaneder Euskararen Etxea-Gasteizko Kafe Antzokiaren balizko kokapenaren inguruan egindako ikerketaren berri eman zuen Udal Gobernuak. Alde zaharreko lau toki aztertuta, Fundazioko adituek Eskoriatza-Eskibel jauregiaren etxadia proposatu eta Udal Gobernuak proposamena bere egin zuen.

Oihaneder Euskararen Etxeko kudeatzailea eta Gasteizko Kafe Antzokiaren sustatzailea den Lazarraga Kultur Elkarteak egoki ikusten du egitasmoarekiko konpromisoa berresten duen kokapen proposamen sendo bat egotea. Apustu garrantzitsutzat jotzen du, proiektuaren osotasunari aitortza egin eta egitasmoa indartzen duelako.

Abiapuntua hau izanik, Lazarraga Kultur Elkarteak honako puntuak bermatu behar direla deritzo:

1.- Gaur egun Eskoriatza-Eskibel jauregiaren etxadian martxan dauden proiektuen eta jardueren jarraipena. Etorkizuneko azpiegituraren nolakotasuna eta kudeaketa ereduak inplikatutako aldeen artean adostu beharko lirateke.

2.- Oihaneder Euskararen Etxea-Gasteizko Kafe Antzokiak orain arte izandako kontsensu politikoa mantentzea, horretarako pisuzko arrazoiak egon badaudelako: batetik, hiri proiektu estrategikoa da euskararen normalizazio prozesuan aurrerapausoak emateko; bestetik, erakundeen eta herri mugimenduaren arteko elkarlana posiblea eta beharrezkoa dela frogatzen du.

3.- Azpiegitura  lanekin hasi baino lehen, egitasmoak etorkizunean izango duen kudeaketa adostea. Aldez aurretik hausnartutako kudeaketaren lanketa azpiegitura lanekin batera abiatuko litzateke. Honez gain, egitasmoak izaera juridiko propioa behar du egunerokoari aurre egiteko. Izaera juridikorik egokiena adosteko eta egituratzeko ordua da.

4.-Udal gobernuak proiektua bi fasetan garatzea proposatzen du. Lehenengoan (oraingo legegintzaldian) orube osorako esku-hartze integrala definitzeko arkitektura ideia-lehiaketa egingo litzateke, eraikin berria eraiki eta antzinako ostatua birgaitu. Bigarren fasean (hurrengo legegintzaldian) Oihaneder Euskaraen Etxea hartuko lukeen jauregiaren birgaitze integrala egitea da proposamena.

Horiek horrela, Lazarragak proiektua bere osotasunean garatuko delako konpromisoa eta berme osoak izatea nahitaezkotzat jotzen du.

Zerrendatutako puntuak Lazarraga Kultur Elkartearen hausnarketa kolektiboaren eta  hiriko eragile desberdinekin hitz egindakoen ondorio dira.