Erabakiak kontsentsua lortzeko bidean jarri gaitu, aurrera begira

Lazarraga Kultur Elkarteak begi onez ikusten du Udal Gobernuak hartutako erabakia. Orain Gasteizko Kafe Antzokia-Oihaneder Euskararen Etxea egikaritu nahi dugun eragile guztion artean egitasmoa lantzea eta adostea da erronka.

Lazarraga Kultur Elkarteak, Oihaneder Euskararen Etxeko kudeatzailea eta Gasteizko Kafe Antzokiaren sustatzaileak, Gasteizko euskalgintzako eta alde zaharreko eragileen iritziak eta eskaerak aintzat hartu izana txalotzen du.

Askotan aldarrikatu dugunez hiriarentzako eta herrialdearentzako estrategikoa den egitasmo honek kontsentsurik zabalena behar du; adostasun politikoa eta gizartearena. Zentzu honetan, hartutako erabakiak kontsentsua lortzeko bidean jarri gaitu; aurrera begira.

Erabaki honekin fase bat itxi da: Auzolana pilotalekua alde batean utzi da. Orain beste fase bati ekiteko unean gaude: Oihaneder Euskararen Etxea eta Kafe Antzokia egikaritu nahi dugun guztion artean egitasmoa landu eta adostu behar dugu.

Batetik, etorkizuneko proiektu arkitektonikoaren oinarriak adostu behar dira. Horretarako ideia lehiaketara aurkeztutako proiektuen ideiak patxadaz aztertu beharko dira; egitasmoaren helburuekin bat datozen proposamenak kontuan hartzeko

Bestetik, egitasmoaren izaera juridikoa, kudeaketa eta baliabide ekonomikoak landu eta zehaztu behar dira. Era berean, proiektua bere osotasunean garatuko delako konpromisoa eta berme osoak ziurtatu behar dira. Horretarako lan-talde bat martxan jarri da Udaletxean: Udal Gobernua, alderdi politikoetako ordezkariak, Lazarraga Kultur Elkartea (euskararen elkargunearen ordezkari), Udaleko Kultura Saila, Euskara zerbitzua  eta zerbitzu juridikoak osatzen dute.

Hemendik eta abendura bitartean aipatu Alderdi guztiak elkarrekin landu eta definitzea da helburua, 2018aren hasieran proiektuaren lizitazioarekin hasteko.