GKAren kokapen proposamen berriaz

Kokapen berria aztertzearekin batera, kudeaketa plana ezinbestekoa da

Udal Gobernuak Gasteizko Kafe Antzokirako egindako kokapen proposamen berria, Ruiz de Bergara jauregia, sakonki aztertzeko konpromiso irmoa hartu du Lazarraga Kultur Elkarteak (LKE). Bien bitartean, egitasmoa bideragarri egingo duen plana garatuko delako berme sendoa eskatzen du LKEk; proiektu arkitektonikoaz gain, bideragarritasun plana ezinbestekoa baita aurrera egiteko.

Aurreko asteko Euskararen Elkargunean Udal Gobernuak Gasteizko Kafe Antzokia eta Euskararen Etxea egitasmoarentzako egindako kokapen proposamen berriaren aurrean, Ruiz de Bergara jauregia, LKEk alternatiba sakonki aztertzeko konpromiso irmoa hartu du. Horretarako espazioa berraztertzeko eta egitasmoaren beharren araberako doikuntza aukerak ondo baloratzeko beharrezkoa duen denbora hartuko du.

Era berean, Euskara Elkargunean LKE-akĀ  egindako proposamena aintzat hartzea eskatzen diogu Udal Gobernuari. Izan ere, kokapen aukera berria mahai-gaineratuko zela jakin aurretik, LKEk Eskoriatza Eskibel Etxadirako aurreikusitako proiektuan fase aldaketa proposatzea zuen aurreikusita. Alegia, Euskararen Etxea izango litzatekeen Eskoriatza Eskibel jauregiaren birgaitzearekin hastea, eta Kafe Antzokiaren proiektua bigarren fase baterako uztea. Fuel oil deposituaren aurkikuntzak suposatuko dituen atzerapenei aurre egiteko, eta Euskararen Etxearen garapenean aurrera egiteko irtenbide egokia zelakoan egin zuen proposamena LKEk.

Kokapena bata edo bestea izan, ikasturte hasieran Udalean abiatutako jarraipen batzordean lantzen hasitako egitasmoaren izaera juridikoa, kudeaketa plana eta diru iturriak guztiz zehazteko eta gauzatzeko bermeak ziurtatzea ezinbestekotzat jotzen du LKEk. Izan ere, egitasmoaren bideragarritasun planak proiektu arkitektonikoaren pareko garrantzia du; biak batera landu behar dira elkarren osagarri direlako; baten faltan egitasmoa hankamotz geratuko litzateke eta berme guztiekin egikaritzeko aukeratik urrun.

Bukatzeko LKEk argi adierazi nahi du badela ordua proiektuaren osotasuna (Euskararen Etxea eta Kafe Antzokia) kontuan hartzen duen egitasmoari behingoan berme osoz heltzeko. Hiriarentzako eta herrialdearentzako estrategikoa den egitasmo honek aurrera egiteko, orain arte bezala, kontsentsua eta elkarlana ezinbestekoak izango dira.