Talde euskaltzaleek Ruiz de Bergara jauregira egokitu dituzte Kafe Antzokia-Euskararen Etxearen programa eta espazio beharrak

Lazarraga Kultur Elkarteak (LKE) prozesu parte-hartzailea abiatu du azken hilabeteetan, arkitektura aholkularitza bidaide. Bertan, Gasteizko Kafe Antzokia-Euskararen Etxearen egitasmoak beharko dituen espazioen antolaketa eta erabileren, jardueren nolakotasunen eta ezaugarri arkitektonikoen hausnarketak eta proposamenak landu dira. Prozesuaren ondorio txostenean jasotakoak Ruiz de Bergararen lehiaketa arkitektonikoan oinarri gisa hartzea guztiz beharrezkotzat jotzen du LKEk.

2018ko uztailean talde euskaltzaleek oniritzi baldintzatua eman zioten Gasteizko Udal Gobernuak egin leku-proposamen berriari, egitasmoa Ruiz de Bergara jauregian garatzeko aukerari, alegia. Geroztik lanari atxiki, egitasmoa garatzeko leku berrirako egokitzapenak pentsatu, eta irailetik aurrera Lazarraga Kultur Elkarteak (LKE) zenbait lan-saio antolatu ditu, NONDIK arkitektura laborategiko aholkulariak lagunduta, Gasteizko hainbat norbanako euskaltzale eta Euskalgintzako eragileekin. Lan-saio hauetan 30 lagun inguruk hartu dute parte. Dinamika parte-hartzaileen bidez eta NONDIK-eko lagunek gidaturik, espazioen antolaketa eta erabileren, jardueren ezaugarrien, dinamiken sekuentziaren eta ezaugarri arkitektonikoen inguruko hausnarketak eta proposamenak landu dituzte.

Prozesuan zehar azaldutako hausnarketa guztiak aintzat hartu eta txosten batean batean laburbildu ditu arkitektura laborategiak. Lazarraga Kultur Elkarteak Gasteizko Udaleko arduradun eta ordezkari ezberdienei helarazi die txostena, aurrerantzean izango diren eztabaida eta aurreproiektua lantzeko oinarri izan dadin.

Aste honetan bertan Gorka Urtaran alkateak ziurtatu du proiektua legegintzaldia amaitu baino lehen lizitatuko dela. Une honetan, Ruiz de Bergara jauregiaren egoeraren azterlan teknikoa bukatzen ari da Udala, baita akustikari buruzko txostena ere. Bi agiri horiek bukatutakoan zehaztuko da aurreproiektua, proiektua eta obra lehiaketara atera ahal izateko. “Gasteiz Antzokia gero eta hurbilago dago, gainditu behar izan ditugun eragozpenak gorabehera. Agintaldi osoan egindako lanari eta Elkargunea osatzen duten euskaltzale taldeen konpromisoari esker, proiektua abiaratzear da” adierazi du alkateak. Hala izan dadin eta euskaltzaleen gogo eta nahiak proiektu honetan egoki islatuak izan daitezen guztiz beharrezkoa izango da LKEk sustatutako txostena aintzat hartzea eta oinarri gisa ikustea.

Horrez gain, orain arteko kontsentsua mantentze aldera, LKE prest dago Udalbatza osatzen duten Udal talde guztiekin lanean segitzeko, eta interesa duen orori eman beharreko azalpenak emateko. Urte hauetan guztietan landutako konfidantza eta lan giro onarekin jarraitu behar dela sinistuta dago LKE, proiektu hau legegintzaldi honetan hasteko eta hurrengoan bukatzeko.

Gasteizko hiritarrentzat garrantzitsua den egitasmo honek badu behin betiko kokalekua, baita bertako programa garatzeko txostena ere. Datozen hilabeteetan Ruiz de Bergara jauregia egokitzeko aurreproiektu arkitektonikoa gauzatu, eta lehiaketa publikoa atera eta esleitzearekin batera, egitasmoaren kudeaketa plana eta izaera juridikoaren lanketarekin jarraitzeko beharra gogorarazi nahi du LKEk, proiektua martxan dela, eta bide onetik doalako erabateko ziurtasuna izateko.

Elkarlanak bideratu du egitasmo hau hasieratik, segi dezagun bide beretik, jarrai dezagun denok norabide berdinean arraunean eta laster porturatuko dugu ontzia.

Alda ditzagun gure hizkuntza ohiturak, egitasmo hau (ere) sustatuz, eta egin dezagun elkarrekin Klika!

Ondorio txostena:

Talde euskaltzaleek Ruiz de Bergara jauregira egokitu dituzte Kafe Antzokia-Euskararen Etxearen programa eta espazio beharrak
Scroll to top