Izaskun Arrue Kulturunea izango du izena Gasteiz Antzokiak

Gasteiz Antzokiak Izaskun Arrue Kulturunea izena izango du. Gasteizko alkate Gorka Urtaranen erabakiak Gasteiz euskalduntzeko aitzindaria izan zena omendu nahi du. Izan ere, Arrue Arabako lehen andereñoa izan zen, euskarazko irakaskuntzan murgildutako emakume bat eta hiriko lehen ikastolaren bultzatzaileetako bat.

“Keinu honen bidez, eskerrak eman nahi dizkiogu Izaskun Arrueri gasteiztarren belaunaldi berriei hizkuntza transmititzeko erakutsi duen konpromisoagatik eta egindako ahaleginagatik. Izaskun Arrue Kulturunea, ilusioz beteriko azpiegitura hau, euskararen pizgarri izango da Gasteizen”, Gorka Urtaran alkateak azaldu duenez.

Izaskun Arrue 60ko hamarkadan iritsi zen Gasteizera, eta Zerkabarren kalean hasi zen irakasle, bere etxean, Gasteiz Antzokitik ez oso urruti. Etxebizitza horretan hasi zen Gasteiz eta Araba euskalduntzen. Ondoren, Arrue Olabide ikastolaren proiektuaren bultzatzaile nagusienetakoa izan zen, Gasteizko eta Arabako lehen ikastola izan zena. Emakume aitzindaria izan zen, ausarta, eta erizaintzan ere aritu zen. Udalak 2016ko Euskararen Nazioarteko Egunean omendu zuen, hil eta gutxira.

Iturria: Gasteizko Udala

Izaskun Arrue Kulturunea izango du izena Gasteiz Antzokiak
Scroll to top