Gasteiz Antzokiaren obrak abuztuaren hasieran amaituko dira

Ruiz de Bergaratarren Jauregia birgaitzeko lanak abuztuaren 4rako amaitzea eta Izaskun Arrue Kulturunea 2023ko hasieran zabalik izatea espero du Gasteizko Udalak.

Gasteiz Antzokiaren proiektua errealitate bat izatetik gero eta gertuago dago, hiriko euskaltzaleen urte luzeetako lanaren ostean. Hasiera batean 2022an zehar irekitzeko asmoa bazegoen ere, kultur azpiegitura 2023ko hasierarako martxan izango dela baieztatu du Udalak, Noticias de Alava egunkariak argitaratu duenez.

Bide horretan, Errementari eta Zapatari kaleen artean dagoen jatorri errenazentistako XVI. mendeko Ruiz de Bergaratarren Jauregia birgaitzeko obrak abuztuaren 4rako amaitzea espero dute lan horiek kudeatzeko ardura duten udal arduradunek. Hain zuzen ere, Gasteizko jaiak hasiko diren egunerako.

Horren ostean, urte amaierara bitartean —eta, ziurrenik, 2023ko hasieran ere— beste hainbat kudeaketa egin beharko dira Euskararen Etxearen ateak ireki aurretik: ekipamendu guztia erosi eta instalatzea, gunea kudeatzeko kontratua lizitaziora ateratzea (DNAren arabera, irailean egingo da hori), kontratua erakunde bati esleitzea, eta, azkenik, entitate horrek Gasteiz Antzokia irekitzeko prestaketak egitea, Udalarekin elkarlanean.

ITURRIA: Arabako Alea

Gasteiz Antzokiaren obrak abuztuaren hasieran amaituko dira
Scroll to top