Euskara arnasteko aterpe izango da

Egur lixatu eta bernizatuaren usaina dago. Jendeari ateak irekitzen dizkioten lehen aldia baita, baina zorioneko gutxi batzuentzat ireki dute bakarrik. Eraikinaren erraiak zuzenean ezagutzeko aukera izan du BERRIAk, Gorka Urtaran Gasteizko alkatearekin eta Iñaki Gurtubai Euskara zinegotziarekin batera. Amaitu dituzte obrak, eta barrukoa materialez hornitzea falta da bakarrik: oholtza bat, bafleak, ordenagailuak, teknikarien mahaia… Oraindik erabaki gabe dagoen gunearen administratzaile berriak erabaki beharko du nola bete. Halere, dagoeneko ikus daiteke Gasteiz antzokiak zer neurri izango duen.

Gasteizko Errementari kaleko Ruiz de Bergara jauregi zaharkitua antzoki ikusgarri bat bihurtu dute urtebete eta erdi inguruko epean. Izaskun Arrue kulturgunea izango da izen ofiziala, udalak hala erabakita. Antzokiak areto nagusi bat, gune eszeniko handi bat, ostalaritza zerbitzua, lan eremuak —Gasteizko euskalgintzako beste taldeek ere erabil dezaten— eta beste hainbat gune izango ditu. Beraz, aspaldiko asmoa egia bihurtuko da azkenean, eta, hilabete gutxi barru, gasteiztarrek antzokiaz gozatu ahal izango dute.

Eraikin altu eta dotorea da Ruiz de Bergara jauregia; bereizi egiten da Alde Zaharreko beste eraikinetatik. Eraikinaren betiko fatxada eta armarri historikoa mantendu nahi izan dituzte. Ate nagusitik sartu, eta pare-parean dago konferentziak, prentsaurrekoak eta bestelako aurkezpenak egiteko gela txiki bat.

Urtaran eta Iñaki Gurtubai haluzinatuta geratu dira Errementari kaleko ate nagusitik sartu direnean. «Ikaragarria»: hori izan da bisitak iraun bitartean gehien errepikatu duten hitza. Josu Barrena eraikuntza enpresako zuzendariak gidatu ditu eraikin osoan barrena, eta eraikinak dituen xehetasun nagusiak azaldu dizkie.

Lehenengo solairuan dago areto nagusia. Are, Barrenak azaldu du aretoaren aspaldiko egurrezko habeak mantendu nahi izan dituztela. Urtaranek aipatu bezala, «ematen ez duen arren», beheko solairua eta goikoa kontuan hartuta, ia 600 pertsona hartzeko gaitasuna izango du aretoak, eraikuntza enpresako zuzendariak zehaztu duenez. Halere, beharrezko materialez hornitzea falta da.

«Duda barik», areto nagusia izan da alkateari eta zinegotziari gehien gustatu zaien gunea. Oraindik hutsik egon arren, kontzertu bat irudikatu du zinegotziak. Era berean, Urtaran ziur da hiriko erreferentziazko puntu garrantzitsu bat izango dela: «Gaur egun, Gasteizko gazteek ez dute aurkitzen euskarak funtsezko presentzia daukan horrelako toki ikusgarririk. Horregatik, uste dut gazteek eta helduek gozatu ahal izango dugula leku honetaz. Euskaraz hitz egin, euskara bizi eta zabaltzeko erreferentziazko gunea izango da».

Bi sarrera dauzka antzokiak; izan ere, Zapatari kaletik sar daiteke lehen solairura, antzokiko tabernatik, hain zuzen. «Tabernak beti gertu egon behar du», esan du Urtaranek, barrezka. Ez da oso toki handia, baina bertan edaria eskatu, eta areto nagusira joateko aukera egongo da. Tabernan ere eraikinaren antzinako habeak aprobetxatu dituzte barra eta banku luzexka batzuk egiteko.

Egurrezko eskailerak igo, eta antzoki nagusia inguratzen duen korridorea dago bigarren solairuan. Beheko guztia ikus daiteke handik, arku forma duten adreiluzko egitura batzuetatik begiratuta —zati batean eraikinaren jatorrizko arkuak gorde dituzte, eta beste batzuk berriak dira—. Gurtubaik azaldu duenez, bertatik aretoko espektakuluak ikusteko ez ezik, erakusketak antolatzeko erabili nahi dute.

ITURRIA: Berria / ARGAZKIAK: Endika Portillo – Foku

Euskara arnasteko aterpe izango da
Scroll to top