Elkartea

Gasteizko Kafe Antzokia errealitate bihurtzeko helburuz 2012. urtean Gasteizko Kafe Antzokiaren Aldeko Plataforma sortu zen.

Plataformak sorreratik bi hankadun proiektua proposatu eta babestu zuen:

  1.  Euskararen Etxea: arlo kultural ezberdinetan euskarazko sormena sustatzea du helburu nagusi.
  2.  Kafe Antzokia aisialdi jarduera euskaldunak eskaintzera bideratuta egongo da.
  1. urtean Plataformak Lazarraga Kultur Elkartea sortu zuen Oihaneder Euskararen Etxea-Gasteizko Kafe Antzokia proiektu kulturala kudeatzeko lanabes gisa.

Elkartearen helburu nagusiak hurrengo hauek dira:

  • Euskara eta euskal kultura sustatzea
  • Euskararen erabilera bultzatzea eta aberastea, euskara gizarte osora zabaltzeko eta Gasteizko euskaldunok elkar ezagutzeko
  • Euskarazko adierazpide orori erakuslehioak eskaintzea: euskarari lehentasuna eman, euskaraz programatu eta euskaraz sortzeko gune egokiak eskaini
  • Euskal kulturaren ikerkuntza nahiz sorkuntza bultzatzea

Lazarraga Kultur Elkarteak 2015eko otsailean egin zuen bere aurkezpen publikoa eta elkarteko presidenteak, Jose Manuel Diaz de la Barcenak, azaldu bezala, elkarteak Joan Perez de Lazarraga XVI. mendeko idazle arabarrari zor dio izena; irudia aldiz, Nestor Basterretxea eskultoreari, Zigor Samaniego ilustradore eta diseinatzaile grafikoa artista handi horren “Askatasuna biribil irekitzen da” eskulturan oinarritu baitzen elkartearen logoa sortzeko.

Lazarraga Kultur Elkarteak bere sorreratik Gasteizko eta Arabako eragile euskaltzaleekin izan du harremana. Gasteizko Kafe Antzokiaren proiektua pentsatu eta garatzeko, hartu-eman ezberdinak izan ditu hiriko eta Arabako eragile euskaltzale ezberdinekin. Egun 30 bazkidek osatzen dute elkartea.

2014ko abendutik aurrera Lazarraga Kultur Elkarteak egun Montehermoso Jauregian kokatuta dagoen Oihaneder Euskararen Etxea proiektu kulturalaren ardura darama. Oihaneder ezagutarazten eta sendotzen aritu den bezala, etorkizuneko Gasteizko Kafe Antzokiaren egitasmoan jarraitzen du lanean, hau lortzea baita hurrengo urteei begirako erronka nagusia.