Izaskun Arrue Kulturgunea deituko da Ruiz de Bergara Jauregian egingo den kulturgune berri honen proiektua, eta Oihaneder Euskararen Etxearen erreleboa hartzeko jaio da.
Kulturaren bidez euskararen normalizazioan eragin nahi duen proiektua da. Bere funtzio guztietan euskara erabiltzeko kultura-topagunea izan nahi du eta gainera, anitza, parte-hartzailea eta sortzailea.
Kultura-ekipamendu bat izatetik harago, kultura-proiektu integrala izateko bokazioa izan behar du, kulturaren kate osoa (sormena, ekoizpena, taularatzea/erakustea, komunikazioa…) landuz, eta Gasteizko kultura-dinamika suspertzeko gogoz, euskaratik eta euskaraz.
Proiektu honek bere egiten ditu Oihaneder Euskararen Etxeak hasieratik izan dituen ezaugarriak eta balioak: proiektua euskaltzalea eta kulturzalea da, berritzailea, profesionala eta arduratsua, askotariko eragileen parte-hartzea sustatu nahi du eta era guztietako lankidetzak eta aliantzak landu.
Kulturgunean aurrera eramango diren jarduera moten artean, kultura jarduerak, prestakuntzazko jarduerak eta ezagutzazko jarduerak izango dira.