Jatorri errenazentistako XVI. mendeko Ruiz de Bergaratarren jauregian Gasteiz Antzokia eta Euskararen Etxea eraikitzeko proiektuaren idazkuntza eta obra Zikotz SA enpresari esleitzea erabaki du gaur udal gobernuak.
“Egun historikotzat” jo du Gorka Urtaran alkateak hirian euskararen alde lan egiten duten guztiontzat. “Gasteizen euskara maite eta gozatzen duten ororen etxea” izango dela adierazi du. 2022. urtean irekiko ditu ateak.
Ruiz de Bergaratarren jauregia eraberritzeko aurrekontua 2,6 milioi eurokoa izango da. Eraikineko lau solairu egokituko dira eta sarbideak izango ditu Zapatari eta Errementari kaleetatik. Horrez gain, edukiera handiko areto nagusia eta kultur sorkuntzarako eta lanerako espazio moldagarriak ere egongo dira.
Aurreproiektutik, proiektua gauzatzera
Eraikinaren azken zaharberritzea egin zuen arkitektura estudioarekin, ekimena bultzatu duten euskaltzale taldeekin eta udal zerbitzu teknikoekin batera Udalak landutako aurreproiektuan oinarrituta dago Gasteiz Antzokia.
Lazarraga Kultur Elkarteak definitu eta Euskara Elkarguneak landutako beharren programa jasotzen du aurreproiektuak. Horren arabera, Gasteiz Antzokiak eta Euskararen Etxeak 1.376 metro karratu izango dituzte guztira, lau solairutan banatuta.
Espazio moldagarriak proposatu dituzte, kultur jarduerak, kontzertuak, antzerki emanaldiak edo bestelako ikuskizunak egiteko. Gainera, taberna bat ere aurreikusi da.
Zikotz SA enpresa esleipendunak lan ezberdinak aurrera ateratzeko ardura izango du. Besteak beste, aurretiazko azterlanak egin beharko ditu hiru asteko epean. Bestalde, zortzi aste izango ditu oinarrizko proiektua eta jarduera proiektua idazteko. Hurrengo 16 asteak gauzatze proiektua idazteko izango dira. Eta, azkenik, obra gauzatzeko 18 hilabeteko epea izango du enpresak.