Gasteiz Antzokiko obrak hastear

Udal gobernuak Ruiz de Bergaratarren jauregia moldaketako eta egiturako obrak egikaritzeko proiektua onetsi du; 206.000 euroko inbertsioa izango da, eta 4 hilabetez gauzatzeko epea izango du.

Laster, obrak egiteko fasean hasiko da Gasteiz Antzokia eta Euskararen Etxea bihurtzeko Ruiz de Bergaratarren jauregia birgaitzeko proiektua. Tokiko Gobernu Batzarrak enpresa eslepeidunari (Zikoitz S.A.) obra “potoloenak” hasteko baimena ematen dion izapidea onetsi du gaur; obra horiek egitura, isolamendua eta beste moldaketa batzuk egitekoak dira.

Proiektuak 206.018 euroko inbertsioa dakar berekin, eta, lan-programa eta segurtasun- eta osasun-plana onetsi ondoren, 4 hilabeteko egikaritze-epea izango du, zuinketa egiaztatzen denetik. 18 hilabeteko epea ezarri da obra guztiak egikaritzeko (horiek barne).

Eraikineko lau solairu egokituko dira eta sarbideak izango ditu Zapatari eta Errementari kaleetatik. Horrez gain, edukiera handiko areto nagusia eta kultur sorkuntzarako zein lanerako espazio moldagarriak ere izango dira.

Gasteiz Antzokiaren ikuspegi orokorra. / Irudia: Gasteizko Udala

Zaharberritu ondoren, Ruiz de Bergaratarren jauregia “Euskara maite eta gozatzen duten gasteiztar guztien etxea” bihurtuko da, “eta gure hizkuntzaren ‘arnasgunea’, hiriaren erdi-erdian”, Gorka Urtaran alkateak nabarmendu duenez.

Aurreproiektutik, proiektua gauzatzera

Eraikinaren azken zaharberritzea egin zuen arkitektura estudioarekin, ekimena bultzatu duten euskaltzale taldeekin eta udal zerbitzu teknikoekin batera Udalak landutako aurreproiektuan oinarrituta dago Gasteiz Antzokia.

Lazarraga Kultur Elkarteak definitu eta Euskara Elkarguneak landutako beharren programa jasotzen du aurreproiektuak. Horren arabera, Gasteiz Antzokiak eta Euskararen Etxeak 1.376 metro koadro izango dituzte guztira, lau solairutan banatuta.

Espazio moldagarriak proposatu dituzte, kultur jarduerak, kontzertuak, antzerki emanaldiak edo bestelako ikuskizunak egiteko. Gainera, taberna bat ere aurreikusi da.

Zikotz SA enpresa esleipendunak lan ezberdinak aurrera ateratzeko ardura izango du. Obra gauzatzeko 18 hilabeteko epea izango du enpresak.

Iturria: Vitoria-Gasteizko Udala / ALEA.eus

Gasteiz Antzokiko obrak hastear
Scroll to top