Udalaren borondate faltak Gasteiz Antzokiaren proiektua kolokan utzi du: Udalak sortutako arazoari Udalak aurkitu beharko dio irtenbidea

Lazarraga Kultur Elkarteak azkenean jaso du 2023ko dirulaguntzaren zuriketaren Gasteizko
Udalaren xedapena. Zuriketan proposatutako diru-itzulketaren bikoitza baino gehiago da
Udalak elkarteari itzultzeko eskatzen diona orain, eta proiektuaren bideragarritasuna eta
etorkizuna kolokan jarri besterik ez du egin ebazpen honek. 2023an elkarteak proiektua
kudeatzeko jasotako dirulaguntzak gastatutako euro bakoitza, Udalarekin adostutako
hitzarmenaren eta plan operatiboaren baitan gastatu ditu elkarteak; eta horrelaxe daude
zuriketan justifikatuta. Halaber, Udalak bete ez dituen konpromisoen ondorioz –kulturgunea
irekitzea, besteak beste– elkarteak ezin izan ditu aurreikusitako programazioa aurrera atera
ezta egitarauari lotutako diru-sarrerarik lortu; hitz batez, ezin izan du hainbeste urteetan
garatzen aritu den Gasteiz Antzokia-Euskararen Etxearen proiektua martxan jarri.
Horrenbestez, Udalak gaizki bideratutako kudeaketa baten ondorioz elkartea eta proiektua
kaltetua atera izana ez dira bidezkoak ezta onargarriak ere elkartearentzat. Lazarraga Kultur
Elkarteak Gasteizko Udalari eskatzen dio proiektua aurrera ateratzeko beharrezko
irtenbideak eman ditzala.

Lazarraga Kultur Elkarteak joan den ostiralean, apirilak 12, jaso zuen azkenean 2023ko
dirulaguntzaren zuriketaren kontu-hartzailearen xedapenaren jakinarazpena, martxoaren 27an Tokiko
Gobernu Batzarrean onartutakoa. Bertan, bi aste lehenago aurreratu zitzaion moduan, eskatutako
itzulketaren kopurua 112.817,10 €koa izatea baieztatzen da: elkarteak aurkeztutako zuriketan
proposatutako diru-itzulketaren (proiektua prestatzen gastatu gabeko 50.487,48 €) bikoitza baino
gehiago da Gasteizko Udalak elkarteari eskatzen diona xedapen honen arabera. Proiektuaren
bideragarritasuna kolokan jartzen duen ebazpena, ezbairik gabe.
Tokiko Gobernu Batzarrak onartutako jakinarazpen honetan, halaber, ez dira zalantzan jartzen
elkarteak dirulaguntzaren zuriketan aurkeztutako fakturak eta ordainagiriak: 2023an elkarteak
egindako gastuak eta diru-irteerak bere horretan onartzen dira, horrenbestez. Salbuespena soldatetan
gastatuko dirulaguntzaren %5a da, izan ere, kopurua kalkulatzeko orduan Udalaren txostenean ez da
hitzarmenean hitzez hitz aipatzen den “dirulaguntzaren zenbateko osoa” kontuan hartzen, gastatu den
diru kopurua baizik.
Bestalde, nahiz eta hitzarmen osoan ez aipatu dirulaguntza jardueraren ehuneko bat mugatu
behar denik, Udalaren txostenean, “dirulaguntza onargarri”aren kontzeptua bat-batean agertzen da,
eta gastatutakoaren -ez, adibidez, jasotako kopuruaren- %78,70ean zenbatzen da; beste guztia itzuli
beharrekoa da. Berdin dio elkarteak jadanik gastatu duen ala ez.
Elkartearen ustetan, ordea, Udalaren xedapenean hainbat argudio ez dira kontuan hartu, eta
ondorioz hartutako erabakia, proiektuaren etorkizunerako oso arriskutsua izateaz gain, ez du bidezko
ikusten:

  • Garatu beharreko proiektuaren ezaugarriak eta gastuak elkarteak egindako eta
    Udalak onartutako Plan Operatiboan zeuden jasota. Eta horrela sinatuta dago 2023ko
    hitzarmenaren baitan.
  • Egindako gastu guztiak udalak ezagututa eta baimenduta egin dira beƟ: langileak, programazioa,
    kudeaketa programak, komunikazio plana…
  • Are gehiago: egindako gastuak hainbat partidatan aurreikusitakoak baino txikiagoak izan dira.
    Besteak beste, langile gastuak aurreikusi baino 23.305,51 € txikiagoak izan dira kulturgunea
    irekitzeko teknikari laguntzaileak ez direlako kontratatu; inbertsioen partidan aurreikusi baino
    23.331,80 € gutxiago gastatu dira; kudeaketa gastuen partidan 21.635,01 € gutxiago gastatu dira.
    Eta noski, kultura programazioaren eta produkzioaren 54.290,00 €ko gastuak ez dira egin
    kulturgunea irekita ez delako egon. Ondorioz, aurrekontuan jasota zeuden 372.226,00 €tatik
    242.462,52 € baino ez dira gastatu; 129.763,48 € gutxiago.
  • Bestalde, kulturgunea ez zabaltzeak, ondorio larriak izan ditu elkartearentzat, ez baitu izan
    aurrikusitako diru-sarrerak jasotzeko aukerarik: sarreren salmentengatik eta izen emateengatik
    31.776,00 €; espazioen eta tabernaren lagapenengatik 6.000 €; babesleengatik eta beste
    hitzarmenengatik 41.500,00 €… guztira elkarteak 79.276,00 € galdu ditu. Baina hau ez da aipatzen
    Udalak ateratako xedapenean.


Ez da ahaztu behar, Lazarraga Kultur Elkartea dela Udalak Gasteiz Antzokia – Euskararen
Etxearen proiektua kudeatzeko egin zuen lehiaketa irabazi zuen elkartea, eta lau urtez luzatzeko
hitzarmen-esparrua duela honetarako. Eta ia bi urte hauetan ireki ez bada, ezin zaio egotzi elkarteari
errua, inondik inora. Elkarteak etengabe, publikoki zein udaleko arduradunekin izandako hainbat
bileretan, kulturgunea lehenbailehen irekitzeko eskaera egin dio Gasteizko Udalari. Ez irekitzeko
arrazoiak eta aitzakiak Gasteizko Udaletik etorri dira, behin eta berriz. Orain, ordea, elkartea da egoera
honetan kalteak pairatzen dituena. Eta kalte bikoitza, gainera: kulturgunea kudeatzeko jaso gabeko
diru-kopuruaz gain, orain itzultzeko eskatzen zaiona gehitu behar zaio. Udalaren xedapenak egoera
okertu besterik ez du egin, eta etorkizuna kolokan uztera etorri da. Proiektua ez ezik, elkartea bera ere
oso kaltetua dago erabaki hauen ondorioz.
Zoritxarrez, eta puntu honetara helduta, egoera honetan proiektuak ez du aterabide
handiegirik: elkarteak ezin du itzuli ez duen diru bat, proiektuan Udalaren ezagutza eta baimenarekin
gastatutako dirua, alegia. Ez badu behintzat Gasteizko Udalak egitasmoarekin aurrera egiteko bideak
zeintzuk diren argitzen, egon badaude. Ez da nahikoa elkarteari proiektuaren baldintzak okertzera
datorren hitzarmen bat sinatzeko eskatzea, ez da proiektu honek behar duen irtenbidea. Tokiko
Gobernu Batzarrak erabaki zuen diru-itzulketari ezinikusiarena egiteak ez dio inori onik egiten eta ezin
da aurrera egin eskuartean daudenak argitu arte.
Gasteizko Udalak harago jo beharko luke, eta proiektuari argia emango dion alternatiba
integralak eskaini. Halaber, Lazarraga Kultur Elkarteak Gasteizko Udalari eskatzen dizkio egoera hau
iraultzeko irtenbideak: proiektu honek elkartean konfiantza osoa duen Udal gobernu bat behar du, eta
elkarlanean alternatibak bilatuko dituen aldebiko harremana; proiektu honek Gasteizen kulturgune
euskaltzalea erreferente bihurtzeko egin behar diren pausu finkoak emateko borondatea behar du;
proiektu honek egitasmoan sinesten duen Gasteizko Udal bat behar du; eta horiek gabe ezingo du
elkarteak aurrera egin, ezta proiektuak ere.
Bide honetan pausuak eman ezean, guztiok galduko dugu prozesu honetan: elkarteak
amestutako proiektua; Udalak kulturgunea behingoz zabaltzeko aukera; euskarak arnasgune bat;
sormenerako espazio bat; eta gasteiztarrek euskaraz bizitzeko leku bat. Udalaren borondate faltak
Gasteiz Antzokiaren proiektua kolokan utzi du: Udalak sortutako arazoari Udalak aurkitu beharko dio
irtenbidea.


Harremanetarako: Amaia Kerexeta // komunikazioa@lazarraga.eus / 615. 986. 832

Udalaren borondate faltak Gasteiz Antzokiaren proiektua kolokan utzi du: Udalak sortutako arazoari Udalak aurkitu beharko dio irtenbidea
Scroll to top