Gasteizko Udalaren oharra Lazarragari: dirua itzuli behar du antzokia kudeatzeko

BERRIA

Maria Nanclares Euskara zinegotziak esan du Gasteiz antzokiak aurrera egingo duela, «hiri proiektu bat» delako. Lazarraga elkarteak berretsi du ezinezkoa duela dirua bueltatzea, eta «irtenbide integrala» galdegin dio udalari.

Konponbide bila joan da gaur Gasteizko Udaleko Euskara Batzordera Lazarraga kultur elkartea, Gasteiz antzokia-Euskararen Etxearen kudeaketaz ardura duena, baina zeharo itxita topatu ditu udal gobernuaren ateak. Kultur elkarteak herritarren txanda baliatu du udalak jarritako «azken trabak» salatzeko eta proiektuari aterabide «integrala» eskatzeko. Alabaina, Maria Nanclares Euskara zinegotziak ez dio zirrikiturik ireki soluzioari, eta aukera bakarra jarri dio elkarteari mahai gainean: antzokia kudeatu nahi badu, udaleko kontu hartzailearen xedapenak dioena bete, eta jasotako diru laguntzatik 112.817,10 euro itzuli beharko ditu.

Duela urtebete zabalduta egon behar zuen Gasteiz antzokiak –Izaskun Arrue Kulturgunea du izen ofiziala–, baina itxita dago oraindik. Udalak behin eta berriz atzeratu du irekiera eguna, azpiegitura eta baliabide teknikoak falta zituela argudiatuta, eta bitartean Lazarraga elkarteak, antzokia hitzemandako datan zabalduko zelakoan, kudeaketari lotutako gastuetara bideratu du diru laguntzaren zati bat. Duela aste pare bat, Gasteizko Udaleko kontu hartzaileak iazko diru laguntzaren likidazioaren berri eman zion elkarteari: ia 113.000 euro bueltatu behar dizkio udalari. Elkarteak jada ez dauka diru hori, eta ezinezkoa du bueltatzea.

Amaia Kerexeta eta Luis Garcia Lazarraga elkarteko kideek argi eta garbi adierazi dute eraikina itxita egotearen ondorioz sortutako zorrak guztiz «itota» utzi duela elkartea, eta, aterabide oso bat eman ezean, egitasmoaren amaiera izango dela. Euskara zinegotziak, baina, tinko eutsi dio bereari: ohartarazi du udal gobernuak «zorrotz» beteko duela kontu hartzaileak aurkeztutako txostena, eta dirua itzuli beste aukerarik ez diola emango elkarteari. «Udal gobernuak ez du legea urratzeko asmorik», esan die Nanclaresek Lazarraga elkartekoei. «Lazarragak diru bat jaso zuen %100 bete ez zuen lan batengatik; ez diot nik hori, kontu hartzaileak baizik, organo independente batek», gogoratu du, irmo. Are, zinegotziak azpimarratu du dirua itzultzea ez dela «salbuespena», proiektu guztiak gauzatzen ez dituzten erakunde eta kolektiboekin sarritan gertatzen dela, eta udalak modu berean jokatzen duela erakunde guztiekin, batzuen eta besteen artean mailaketarik egin gabe.

Ideia batean jarri du azpimarra euskara zinegotziak: Gasteiz antzokia «hiri proiektu bat da», eta ireki irekiko da. «Hiri proiektu bat da, eta, beraz, gauzatuko da, ez izan zalantzarik txikiena ere». Ez du argitu, ordea, Lazarraga elkartea bidelagun izango duen hori egiteko. Hala ere, kulturgunea «berehala» irekitzeko prest dagoela berretsi eta pausoak ematera premiatu ditu elkartekoak: «Giltzak eskaintzen dizkizuegu; hartu nahi dituzuen ala ez, zain gaude. Ez izan zalantzarik proiektua gauzatuko dela».

«Giltzak eskaintzen dizkizuegu; hartu nahi dituzuen ala ez, zain gaude. Ez izan zalantzarik proiektua gauzatuko dela».

MARIA NANCLARES Gasteizko Euskara zinegotzia

Euskara zinegotziak ziurtatu du proiektua «berme guztiekin» martxan jartzeko lanean izan dela iaz udal gobernura iritsi zenetik, eta dagoeneko berme horiek guztiak bete direla, oraindik arlo teknikoaren hainbat kontu osatu gabe egonda ere. Horiek hala, eta Lazarraga elkarteak 2024ko hitzarmena sinatutakoan, Gasteiz antzokia irekiko dela agindu du.

«Mirari bat»

Udal gobernuaren kudeaketarekin suminduta mintzatu dira elkarteko ordezkariak; udala egin dute egungo egoeraren erantzule, eta hartutako konpromisoak bete ez izana aurpegiratu diote. Egitasmoaren etorkizunarekin oso ezkor mintzatu dira Kerexeta eta Garcia, eta ohartarazi dute egitasmoaren amaiera izango dela «mirari bat» gertatu ezean.

«2023. urte osoan ez zen lizentzia iritsi. Ez zen lortu kulturgunea irekitzea. Eta oraindik itxita dago», azaldu du Kerexetak. «Hortik etorri dira gaur egun elkarteak dituen kalte guztiak. Udalak onartu zuen plan operatiboan, hainbat diru sarrera bermatzen ziren: ekitaldietarako sarreren salmenta, izen-emateak, tabernaren esleitzea, hitzarmenak… eta horiek ez dira jaso». 79.200 euro izan ziren guztira, elkarteak dioenez. Kerexeta eta Garcia arabera, elkarteak «konpentsazio bat» jaso beharko luke udalaren «erruagatik» lortu ez dituen diru sarreren ordainetan.

«2023. urte osoan ez zen iritsi lizentzia. Ez zen lortu kulturgunea irekitzea. Eta oraindik itxita dago. Hortik etorri dira gaur egun elkarteak dituen kalte guztiak». AMAIA KEREXETA Lazarraga elkartea

Kerexetak gogora ekarri du Gasteizko Udalari likidaziokoak baino 60.000 euro gehiago itzuli beharko dizkiola Lazarraga elkarteak, aurreikusitako sarrerak baino 80.000 euro gutxiago jasota, eta elkarteak aurreikusitako gastuetan ia 130.000 euro gutxiago gastatu baditu ere. Eta horri aurre egiteko funtsik ez duela gogoratu du: «Elkarteak ezin dio dirutza horri aurre egin. Nahita ere ezingo luke ordaindu».

Udalak behin eta berriz eskaini dio elkarteari hitzarmen ekonomikoa sinatzea, baina Lazarragak uste du hori ez dela soluzioa. Kerexetaren ustez, aurtengo hitzarmenak iazko baldintzak «okertzen» ditu; besteak beste, betebehar gehiago eskatzen dituen klausulak dituelako eta proiektua kudeatzeko autonomia «gutxituko» diolako elkarteari.  

Lazarraga elkarteak urteak daramatza bidean topatutako oztopoei izkin egiten, Kerexetak gogora ekarri duenez: «Etor zitekeena aurreratzen, gobernu aldaketei eusten, eskatutakoa ematen… eta jasotakoa onartzen, ona izan zein txarra izan. Hau ez da horrelako proiektu bat aurrera eramateko modu egokia». Elkarteko kidearen ustez, «elkarlanean eta konfiantzan» egin beharreko proiektua da, baina udaletik ez dute halakorik jaso. «Udalak nahiago izan du elkartea ito, eta lortu du». 

Gasteizko Udalaren oharra Lazarragari: dirua itzuli behar du antzokia kudeatzeko
Scroll to top