Aurreko egunetan Gasteizko Udalak jakinarazi du Errementari kaleko Ruiz de Bergara jauregian gauzatuko den kultur proiektu euskaltzaleari Izaskun Arrue Kulturunea deituko zaiola; ongi dakizuen bezala, 60ko hamarkadan, Frankismo betean, bere etxean euskara eskolak ematen hasi zen andereñoa omentzeko asmotan.
Lazarraga Kultur Elkarteko kideok beste izen bat proposatu genuen kulturgune berrirako, baina Gasteizko Udalak, hainbat arrazoi tarteko, ez du aintzat hartu gure proposamena.
Izenari baino, izanari erreparatu nahi izan diogunez beti gure elkartean, bide horretatik jarraituko dugu aurrerantzean ere Gasteizko euskaltzaleok, gure hirian euskararen normalizazioan kulturaren esparrutik eragiteko asmotan proiektu sendo baten oinarriak lantzen.
Dagoeneko badugu izena, eta hurrengo hilabeteetan ekingo zaio izana hezurmamituko duen ezaugarriak zehazteari.
Duela hamar urte hasitako lana hurrengo hilabeteetan murgilduko da eremu berrietan, izango ahal da Gasteizen nahi eta behar dugun kultur egitasmo euskaltzale eraginkorra martxan jartzeko!