Gasteizko Udaleko udal gobernuak martxoaren 28an onartu duen moduan, Lazarraga Kultur Elkartea izango da Izaskun Arrue Kulturgunearen kudeatzailea. Izan ere, Udalak abian jarritako deialdi publikoan hautatua izan da 2014tik 2022ra arte, zortzi urtez, Oihaneder Euskararen Etxea kudeatu duen irabazi-asmorik gabeko elkartea.
Kulturgune honek Gasteiz Antzokia eta Euskararen Etxea bateratuko ditu proiektu berean, eta gune berriaren euskarazko hedapen, sustapen, sorkuntza eta aisialdi proiektua bideratuko dira bertan, 2026ko abenduaren 31ra arte.
Urte eta erdiko obrak amaituta, eraikina materialez hornitu eta proiektu kulturala esleitzeko deialdia faltan, 2022ko urrian aurkeztu zuten jendaurrean Ruiz de Bergaratarren Jauregiaren itxura berria. Errementari eta Zapatari kaleen artean, Alde Zaharrean, kokatutako gune berrirako “proiektu onena” aurkeztu du Lazarraga Elkarteak, Tokiko Gobernu Batzordeak gaur goizean berretsi duenez; erabakiarekin batera, euskararen aldeko elkartearekin hitzarmena sinatzea onartu du udal gobernuak.
Kudeaketaren esleipenarekin eta espazioaren lagapenarekin batera, udal gobernuak Lazarraga Elkartearentzako dirulaguntza izenduna aktibatzea onartu du, kulturgunean antolatutako egitaraua aurrera eraman ahal izateko: guztira, 292.950 euroko zuzkidura bideratuko du Udalak plan operatibo horretara.
Ekipamendu berriaren irekiera data “laster” jakinaraziko dute.
Iturria: ALEA