Izaskun Arrue Kulturgunea urtea amaitu aurretik martxan izatea eskatu dio Lazarraga Kultur Elkarteak Udal Gobernuari

izaskun-arrue-kulturgunea-antzokia

Errementari kaleko Ruiz de Bergara jauregian kokatuko den Izaskun Arrue Kulturgunea ez
dago bere ateak irekitzeko prest eta ezin da irekiera data bat aurreikusi. Horrela adierazi
zuen zinegotziak asteartean izandako batzordean, eta horrela jakinarazi digute udal
arduradunek elkarrekin izandako bileretan. Eraikinari lotutako eta konpondu beharreko
hainbat arazo, zenbait lizentzia izapide amaitzeke, eta horniketa teknikoa egin gabe dira
irekiera eragozten duten arrazoi nagusiak.

Gasteizko Udalak eta Lazarraga Kultur Elkarteak aurten sinatu zuten kulturgune berriaren
kudeaketa gidatuko duen hitzarmena, eta urte hasieratik elkartea saiatu da uda ostean
Gasteizko hiritarrei kultura egitasmo euskaltzalea eskaintzen, baina oraindik ez da posible
izango. Zoritxarrez, Udalak hartu beharreko erabaki batzuk ez ziren garaiz hartu, eta orain,
ondorioak ari gara pairatzen. Elkartearen ustez, aurreko Udal Gobernua gidatu zuten
ordezkariek ardura zuzena izan dute oraindik bere ateak zabaldu ezin dagoen
kulturgunearen egoeran.

Egoera honen aurrean, LKEk eskaera zehatza egiten die oraingo arduradunei: urtea amaitu
aurretik kulturgunea martxan jartzeko baldintzak bidera ditzatela.

Elkarteak hilabeteak daramatza kudeaketa, komunikazio eta programazio plan ezberdinak
lantzen, eta udazkenerako dena prest du. Gauzak horrela, atzerapen ezberdinak kalte
itzela eragiten ari dira proiektuaren bideragarritasunean. Halaber, elkarteak Arabako
hainbat eragile erreferenteekin proiektua babesteko hitzarmenak landu ditu eta egoera
honek ez du batere laguntzen adostutakoa betetzen. Beraz, nahitaezkoa da lehenbailehen
ziurtatzea kulturgunea urtea amaitu aurretik zabalduko dela.

Kezka eta ezinegon hau behin eta berriro jakinarazi zaie oraingo udal arduradunei, eta
arretaz entzun arren, oraindik ez da lortu kulturgunea zabaltzeko data bat ezartzea.
2022ko ekainaren 30ean Oihaneder Euskararen Etxeak bere jarduera eten zuenetik,
arazoak bata bestearen atzetik etorri dira, LKEren ustez, planifikazio egoki bat falta izan
delako, eta horren ondorioz gaude, gaur egun, egoera honetan. Horren ondorioz daramate
Gasteizko hiritarrek 15 hilabete euskarazko kultura jarduera murriztuta, sorkuntzarako
leku eta laguntzaren faltan eta euskaltzaleon topagune izateko erreferentziazko gunerik
gabe.

Garaia da egoera hau bideratzeko, eta lehenbailehen, gasteiztarrek gogotsu espero duten
kulturgune euskaltzaleak bere ateak parez pare zabal ditzan. Lazarraga kultur Elkartea
ahalegin horretan ari da buru-belarri, eta espero du gainontzeko eragileak ere zentzu
horretan lanean aritzea.

Izaskun Arrue Kulturgunea urtea amaitu aurretik martxan izatea eskatu dio Lazarraga Kultur Elkarteak Udal Gobernuari
Scroll to top