Gasteizko kulturgune euskaltzalea ahalik eta lasterren martxan jartzeko ahaleginetara batzeko deia egiten du Lazarraga Kultur Elkarteak

izaskun-arrue-kulturgunea

Lazarraga Kultur Elkarteak dirulaguntza izendun hitzarmen bat du Gasteizko Udalarekin Izaskun Arrue Kulturgunean Gasteiz AntzokiaEuskararen Etxea proiektua 2023. urtean  zehar garatzeko. Bertan, proiektuaren diseinua eta definizioa, hiriko euskal eragileekin lankidetzan, komunikazio-estrategiaren garapena eta kultura, prestakuntza eta ezagutza sustatzeko programazioaren diseinua eta gauzatzea dira aipatzen diren jarduera nagusiak.

Aurten, hilabetez hilabete, eta eraikina prest ez izateak sortzen dituen zailtasunei aurre eginda, Lazarraga Kultur Elkarteak hiru jarduera horietatik lehenengo biak ia osorik bete ditu. Azkenengo jarduerari dagokionez, elkarteak programazioa hainbat aldiz diseinatu eta planifikatu du, eman diren atzerapen guztietara egokitzeko. Zoritxarrez programazioa momentuz ez da gauzatu, baina horrek ez du esan nahi lanik egin ez denik, aitzitik, erruz aritu da lantaldea aukera ezberdinak lantzen eta irtenbide anitzak proposatzen.

Horrez gain, esan beharra dago hitzarmenean jasotako diru-kopuruaren zati bat baino ez dela programazioa gauzatzeari dagokiona, eta ekitaldiaren amaieran, hitzarmenean zein legedian jasotzen den bezala, gastatu gabeko diru-kopurua itzuliko dio Udalari Lazarraga Kultur Elkarteak. Baina elkarteak ezingo luke proiektuaren diseinuan eta definizioan jadanik inbertitutako diru-kopurua itzuli, ezta komunikazio-estrategian eta programazioaren garapenean eta planifikazioan gastatutakoa ere. Ez litzateke ez bidezkoa ez legezkoa izango; are gehiago, proiektua kolokan jartzea ekarriko luke.  

Zailtasunak zailtasun, Lazarraga Kultur Elkarteak urteak daramatza Gasteizko hiritarren gehiengoak nahi duen, eta beharrezkoa ikusten duen egitasmoa lantzen eta prestatzen, horregatik elkarteak eskatzen dio Udal Batza osatzen duten alderdi guztiei proiektuaren alde egin dezaten.

Aginte ardurak dituztenei prozedurak azkartzeko, arazoen aurrean alternatibak proposatzeko eta irekiera egoki baterako baliabideak ipintzeko deia egiten die elkarteak; eta oposizioko alderdiei, egin beharreko kontrol lana eginda ere, egitasmoa babesten jarrai dezatela.

Lazarraga Kultur Elkarteak bestalde, eta betiko moduan, Izaskun Arrue Kulturgunean gauzatuko den proiektuarekiko konpromiso osoa eta lehenbailehen irekitzeko gogoa adierazi nahi du, eta hori ahal bezain azkar gerta dadin etengabe ari da lanean. Horrez gain, Gasteizko eragile guztiekin proiektuaren nondik norakoen inguruan duen informazio guztia partekatzeko prest dago elkartea, baita prozesu luze honetan ager daitezkeen ezinegonei erantzuna emateko ere.

Bide luzea eta lan handia egin da orain arte: 2012an hasi ginen proiektuaren oinarriak lantzen eta  Oihaneder Euskararen Etxea izan genuen zortzi urtez (2014-2022). Espero dezagun, berandu baino lehen, Gasteizko hiritarrek Izaskun Arrue Kulturguneko ateak zeharkatu ahal izatea euskal kulturaz murgiltzeko eta gozatzeko.

Gasteizko kulturgune euskaltzalea ahalik eta lasterren martxan jartzeko ahaleginetara batzeko deia egiten du Lazarraga Kultur Elkarteak
Scroll to top