Kulturgune euskaltzalea martxan jarri ahal izateko beharrezkoak diren bermeak
ziurtatzeko eskatzen dio Gasteizko Udalari Lazarraga Kultur Elkarteak

izaskun-arrue-kulturgunea-antzokia

Gasteiz, 2024-03-15

Lazarraga Kultur Elkartea oso kezkatuta dago proiektuaren bideragarritasuna ziurtatzeko
beharrezkoak diren bermeak oraindik ez daudelako adostuta, eta oso arduratuta behin eta berriz
ematen ari diren atzerapenen eta oztopoen aurrean. Lazarraga Kultur Elkarteak kulturgune
euskaltzalea martxan jartzeko eskaera bikoitza egin nahi du: alde batetik, proiektuak momentu
honetan aurrera egiteko behar dituen bermeak hurrengo asteetan ziurta ditzala eskatzen dio
Udal Gobernuari, eta bestetik, hiriarentzat hain beharrezkoa den proiektu honi azken bultzada
emateko konpromisoa har dezatela Udal Batza osatzen duten alderdi guztiek, berehalako
irekiera bat gauzatu dadin. Aldi berean, Gasteizen euskararen biziberritzean eta normalizazioan
aritzen diren eragile, talde eta erakundeen babesa eskertu nahi du, baita egunotan sinadura
bilketan parte hartu duten herritarrena eta norbanakoena ere.


Urte eta erdi pasa da publikoki kulturgunea irekitzeko moduan zegoela adierazi zenetik eta
2024ko martxoan oraindik ere Izaskun Arrue Kulturguneak ezin izan ditu bere ateak ireki, eta are
gehiago, oraindik ez du irekiera datarik zehaztuta. Egoera honen aurrean, Udaleko arduradunek
kulturgunea lehenbailehen irekitzeko nahia adierazi dute, eta hori bideratzeko azken ukituak
gauzatzen dabiltza. Horretarako, azken egunetan, Lazarraga Elkartearekin sinatu beharreko
hitzarmena mahai gainean jarri dute eta elkartearekin adosteko bidean dago. Horrez gain, Elkarteak
aurkeztutako 2023ko dirulaguntzaren zuriketa aztertzen ari dira udal teknikariak, eta horren
emaitzaren zain dago elkartea, hain zuzen; 2024ko hitzarmenari konfiantzaz hasiera emateko
2023koa ondo ixtea ezinbestekoa da.


2024ko martxoan, ordea, borondate ona ez da nahikoa. Izan ere, LKEk, egungo egoeran, behin
betiko bermeak behar ditu, eta horrela eskatu dio Gasteizko Udalari azken egunetan egin diren bilera
eta bestelako harremanetan:


Alde batetik, Izaskun Arrue Kulturgunean garatu nahi den proiektuak ezinbestekoak dituen
erantzunak eta aurrerapausoak martxoan bertan bermatuta jasotzea beharrezkoa da elkartearentzat.
Proiektuaren jarraikortasuna da jokoan dagoena eta elkarteak kudeaketa lanekin jarraitzeko
irtenbideak behar ditu, berandu baino lehen.


Eta bestetik, honaino helduta, Lazarraga Kultur Elkarteak oraingoz hutsik dagoen Ruiz de
Bergara Jauregia bizitzaz betetzeko konpromisoa hartzeko eskaera luzatzen dio Gasteizko Udal Batza
osoari. Urteetako lana, eta eragile askorekin egindako elkarlana, dago honen guztiaren atzean, eta
lehentasunezko tratua ezinbestekoa du gaiak, Izaskun Arrue Kulturgunea bere bidea egiten has dadin.
Izan ere, hau ez da bakarrik Udalaren edo Lazarraga Kultur Elkartearen egitasmo bat; hau Hiri
Proiektua da; Gasteizko herritar guztiona. Eta aspalditik zor zaie gasteiztarrei.


Egoera ez da erraza. Izan ere, azken urteetako etengabeko gora-beherek, Lazarraga Kultur
Elkartea eta proiektua bera, muga-mugako egoerara eraman dute. Proiektuaren jarraikortasuna ez
ezik, elkartearen beraren bizi-iraupena ere, kezka nagusi bilakatu dira egunerokotasunean
elkartekideentzat. Izan ere, ezinbestekoak diren bermeak izan gabe, itsu-itsuan ari da lanean
proiektuaren alde, eta bizirik mantentzeko eginahaletan. Eta zentzu horretan, egoera honi luzaroan
eustea oso zaila egiten ari da.

Bidenabar, kezka hori ez da Lazarragarena bakarrik, Gasteizen euskararen biziberritzean eta
normalizazioan ari diren eragile, talde eta erakundeek ere beren ardura eta ezinegona adierazi dute
orain dela egun batzuk. Lazarraga elkarteak eskerrona adierazi nahi die elkarte eta eragile hauei guztiei
emandako babesagatik. Halaber, eskerrik beroena egunotan martxan jarri den sinadura bilketan parte
hartzen dabiltzan herritarrei eta norbanakoei ere.


2012an hasita, bide luzea egin da honaino heltzeko. Orain da momentua egoera hau iraultzeko,
eta behar duen babesa emateko. Ez da asko falta, guztion artean lortu behar dugu Gasteizek euskaraz
bizitzeko kulturgune bat izan dezala, eta gasteiztarrok euskaraz gozatzeko espazio bat izan dezagula.


Harremanetarako: komunikazioa@lazarraga.eus / 615. 986. 832

Kulturgune euskaltzalea martxan jarri ahal izateko beharrezkoak diren bermeak
ziurtatzeko eskatzen dio Gasteizko Udalari Lazarraga Kultur Elkarteak
Scroll to top