Oihaneder Euskararen Etxeko programazioaren aurkezpena

Lazarraga Kultur elkarteak Oihaneder Euskararen Etxeko programazioa aurkeztu du. Proposamena euskalgintza eta kulturgintzako eragile desberdinen elkarlanaren fruitua da. Nabarmentzekoak Rockomikiak erakusketa, UEUrekin antolatutako ikastaroak edo “SolasALEAk” eta “Eskilarapeko soinuak” bezalako zikloak.

Lazarraga Kultur Elkarteko lan-taldea martxan da urtarrila hasieratik proiektuaren helburuak betetzeko programazio egoki eta erakargarria eragile desberdinekin elkarlanean diseinatzen. Bost dira Oihanederren helburu nagusiak: 1; euskararen erabilera sustatu eta hiztunen komunitatea trinkotu,2;euskarazko sorkuntza suspertu, 3; euskararen normalizazioaren eragileen sarea sustatu, 4; kultura erreferente bilakatu eta 5; euskara-hizkuntzak interpretatu. Hauen araberako programazioa osatu da. Otsailaren 27an inauguratuko den Rockomikiak erakusketak helburua horietako asko betetzera dator. UEUrekin batera antolatutako formazio ikastaro eta mintegiek ere bat egiten dute Oihanederren filosofiarekin, baita ” “SolasALEAK” elkarrizketa zikloak eta “Eskilarapeko soinuak” formatu txikiko kontzertu zikloak ere. Aipatzekoak dira ere Korrika Kulturala dela eta antolatutakoak eta maiatzean egin nahi den Udaberri jaia, hizkuntz gutxituetan musika egiten duten taldeen festibala alegia. Askotariko ekintzak askotariko norbanako eta eragileek antolatuta Oihaneder leku bizi, koloretsu, anitz, alai eta euskalduna izateko.

Programazioa zehatz-mehatz:

  •  Rockomikiak Binetak & doinuak erakusketa. Ur-biltegian otsailaren 27tik maiatzaren 3ra arte. Orain arte Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egon den erakusketak XX. mendeko 80. eta 90. hamarkadan musikaren, hitzen eta irudien bitartez sortutako kultura ezagutarazi eta balorean jarri nahi du. Donostiako ereduan oinarrituta Gasteizko eskaintza gehitu zaio erakusketari eta txuribeltzeko fanzineez gain koloretako komiki aldizkariak egongo dira ikusgai. Erakusketak Sancho el Sabio Fundazioa, TMEO komiki aldizkaria edo Hala Bedi Irratia bezalako eragileak izango ditu bidelagun. Erakusketaz gain hitzaldiak, tailerrak eta kontzertuak egongo dira, besteak beste, Harkaitz Cano, Bingen Mendizabal, Asisko Urmeneta, Garbiñe Ubeda edo Mikel Valverde gurekin izango dira. Datozen egunotan informazio zehatza zabalduko dugu. ( 1., 2., 3. eta 4. helburuak)
  • SolasALEAk zikloa: ALEA aldizkariarekin antolatuta hileko 3. ostegunetan 19:00etan formatu bereziko elkarrizketak egingo dira, publikoak parte-hartzeko elkarrizketak. Lehen SolasALEA martxoko bigarren ostegunean egingo da, martxoaren 12an (1. eta 3. helburuak)
  • Udako Euskal Unibertsitatea: 3 formazio ikastaro eta mintegi bat eskainiko dira. Lehen ikastaroa “Argazkigintza dokumentala”,otsailaren 17an hasiko da eta oraindik izena eman daiteke epea otsailaren 11ra arte luzatu delako. Apirileko bigarren astebururako “Adierazmen fisikoa antzerki lanean” ikastaroa antolatu da. (1. eta 2. helburuak). Maiatzean burutuko den ElkartegintzarI zuzendutako “Coaching, talde lana eta lidergoa elkarteetan” ikastaroak osatzen du ikasturte honetako eskaintza. (3. helburua) “Euskararen historian barna: uste dugunetik dakigunera” mintegia ere antolatu da Aziti Bihia hizkuntzalari eta filologoen elkartearekin elkarlanean. Hileko azken astearteetan izango da 18:30etik 20:30era, otsailean hasita abendura bitartean, udako hilabeteak kenduta. Lehen saioa, otsailak 24, irekia izango da, bertan aurkeztuko dira mintegiak bere osotasunean landuko dituen edukiak. ( 5. helburua)
  • AEK: Korrika Kulturala dela eta hainbat ekintza egingo dira. Martxoaren 5ean Korrikaren aurkezpen soziala egingo da, 13an Hordago ardoa ikuskizuna eskainiko da eta martxoaren 17an Munduko ipuinak egongo dira. Gainera otsailaren 28an Aire ahizpek Urepeleko aireak ekarriko dituzte Oihanederrera Korrika Kulturalerako beren beregi antolatu den kontzertuan. (1., 3. eta 4. helburuak)
  • Eskilarapeko soinuak: Ziklo honetan hileko azken ostegunetan formatu txikiko kontzertuak eskainiko dira eskilarapeko atrioan, ur-deposituaren sarreran. Petti izango dugu martxoan, ondoren Izaro eta Joseba B Lenoir-en txanda izango da. (4. helburua)
  • Orhum zineforuma: Hileko 2. ostegunetan Filmazpit zikloa egiten da, filmak jatorrizko bertsioan eta euskaraz azpititulatuak eskaintzen dira.
  • Udaberri jaia: Maiatzean hizkuntz-gutxituen musika festibala antolatuko da, Euskal Herriko talde batekin eta hizkuntza gutxituetan musika egiten duten atzerriko bi talde gonbidaturekin. Udaberri jaia 15/16 ikasturtean abian jarriko den munduko hizkuntza gutxituen zikloaren atarikoa izango da. (4. eta 5. helburua)
  • GEU elkartea: Aurtengo otsailean GEUrekin mendirako kideek 20 urte betetzen dituzte Euskal Herriko mendiak igotzen eta gurekin ospatu nahi dute. Otsailaren 19an ekitaldi berezia. Horrez gain, bi hilabetero dokumentalen proiekzioak eta beste hainbat emanaldi.
  • Udaleko Euskara Zerbitzua: Euskararen Biziberritze Plan Nagusitik eratorritako jarduerak.
    • Astelehenetan “Belarrien goxoko” zikloa egiten da Jimmy Jazzekin elkarlanean. Bertan euskal kantagintza zabaltzeko xedez kontzertu desberdinak eskaintzen dira. Hurrengoa Eñaut Elorrieta eta Mikel Markezen “Baga, biga, higa” hitzaldi-kontzertua, martxoaren 9an izango da.
    • Letrategia tailerra Patxi Zubizarretak gidatutako idazle gazteentzako lantegi praktikoa.
    • Euskara ikasten ari diren gurasoentzako tailer praktikoakhilean behin egiten dira, igandeetan.
    • Azken hilabeteetan aisialdia, generoa eta kulturaren inguruan egindako lanen aurkezpenak egingo dira martxo eta apirilean.
  •  Bestelako proposamenak: Arabako inauterien inguruko antzerki-hitzaldia gaur 19:00etan, liburuen aurkezpenak, kontzertuak, hiriko euskalgintzako eta kulturgintzako eragile desberdinen bilerak-mintegiak…

Oihaneder Euskararen Etxearen webgunean agenda eguneratuta topatuko du interesa duen orok. Horrez gain  buletinera harpidetzeko aukera dago baitaFacebook eta Twitterretik jarraitzeko ere.

Oihaneder Euskararen Etxeko programazioaren aurkezpena
Scroll to top