Proiektuaren idazkuntza eta obra esleitzeko lehiaketa onetsi du Udalak; lanek 18 hilabete iraungo dute.
2019ko apirilaren 26an tokiko gobernu batzarrak Gasteizko Kafe Antzokia eta Euskararen Etxea abian jartzeko lehiaketa onetsi zuen. Proiektua idatzi eta garatzeko gehieneko aurrekontua 2.945.850 € izango da, BEZa barne. Ruiz de Bergara jauregia eraberrituko dute, eta bertan lau solairu egokituko dituzte; sarbideak Zapatari eta Errementari kaleetik, edukiera handiko areto nagusia, eta kultur sorkuntzarako eta lanerako espazio moldagarriak izango ditu.
Azken asteetan zehaztu dute aurreproiektua Gasteizko Udalak, eraikinaren azken zaharberritzea egin zuen arkitektura estudioak eta ekimena bultzatu duten euskaltzale taldeek elkarlanean. Gasteiz Antzokiak eta Euskararen Etxeak 1.376 metro koadro izango dute guztira, lau solairutan banatuta. , Lazarraga Kultur Elkarteak NONDIK arkitektura aholkularitzarekin landutako txostenean jasotako gehienak proposatu dira. Areto nagusiak 660 pertsonarentzako lekua izango du, eta horretaz gain kultur sorkuntzarako eta lanerako espazio moldagarriak jarriko dira, tamaina txiki eta ertaineko kultur jarduerak egin ahal izateko: zutik entzuteko kontzertuak, antzerki emanaldiak edo bestelako ikuskizunak. Taberna bat ere aurreikusi da, Antzokiaren “agertokian” mahaiak jartzeko aukerarekin.
Lehiaketaren baldintza-agirien arabera, enpresa esleipendunak lan hauetaz arduratu beharko du: behar diren aurretiazko azterlanak (3 asteko epea), oinarrizko proiektua eta jarduera proiektua idaztea (8 aste), gauzatze proiektua idaztea (16 aste) eta lanak gauzatzea. Obra gauzatzeko epea 18 hilabetekoa izango da.
Euskararen Etxeak Errementari kaletik izango du sarbide nagusia, eta beheko solairua, bigarrena eta hirugarrena hartuko ditu. Gasteiz Antzokiak, berriz, Zapatari kaletik izango du sarbidea eta lehen solairua hartuko du funtsean, bigarren solairuarekin ere lotuta egon arren.
Zapatari kaletik lehen solairura, Gasteiz Antzokira, sartzean, 75 metro koadroko taberna aurkituko dute erabiltzaileek, eta 11 metro koadroko sukaldea. Ondoren, Antzokiaren areto nagusia ikusiko dute: 166 metro koadroko espazioa, bi solairuren garaiera duena, konfigurazio ezberdinetako ikuskizunak hartzea ahalbidetuko duena. Elkartzeko gunea izango da, eta gehienez 660 pertsona sartu ahalko dira zutik; ez du agertokirik izango. Antzerki emanaldietarako 150 pertsona esertzeko lekua egokitzea aurreikusi dute, edo 90 pertsonarentzako lekua kontzertuetarako. Jantoki gisa erabiltzen denean 170 pertsonarentzako lekua izan ahalko du aretoak. Bigarren solairuko balkoietatik ere ikusi ahalko da agertokia. Lehen solairuak 359 metro koadro izango ditu orotara, solairu zabalena.
Beheko solairua Euskararen Etxera sartzeko bide naturala izango da, Errementari kaletik; orotara 195 metro koadroko azalera erabilgarria hartuko du, eta 100 pertsonarentzako lekua izan lezake. Funtzio anitzeko areto bat egokituko dute bertan, erakusketak, hitzaldiak edo proiekzioak egin ahal izateko. Proiekzio eta itzulpen kabinak jartzea aurreikusi da, baita biltegiak, komunak eta aldagelak ere. Bigarren eta hirugarren solairuetara igoko da bertatik, eskailera edo igogailua baliatuz.
Bigarren solairuak 256 metro koadroko azalera erabilgarria izango du; lantegiak, komunak eta lanerako beste espazio batzuk kokatuko dira han, 21 Zabalgunearen jabetzako etxebizitza batzuk dauden lekuan. Errementari kalera ematen duen zatian, bestalde, 103 metro koadroko erabilera askotarako gunea (erakusketak, ludoteka…) geratuko da, zeina Gasteiz Antzokiaren areto nagusian egiten diren ikuskizunak ikusteko balkoi moduan erabili ahalko baita.
Hirugarren solairuak, jauregiko leku argitsuena, 253 metro koadro ditu, eta Euskararen Etxerako erabiliko dira. Patio nagusia estaliko du, eta lanerako guneak hartzeko baliatuko da. Hiru bilera-gela kristaldun, lantegi bat eta instalazio-gela (klimatizazioa, exutorioak…) jarriko dira solairu horretan.
Info +: