Kafe Antzokia-Euskararen Etxerako kokapena erabakita, orain egitasmoa garatzeko oinarri sendoak zehaztu behar dira
Gasteizko Euskara Elkarguneak asteartean kokapen proposamenari baiezko baldintzatu bat eman ondoren, datozen aste eta hilabeetan egitasmoaren oinarriak sendo eta indartsu eraikiko dituen akordioa zehaztu beharko dute proiektuaren sustatzaileek eta Gasteizko Udaleko ordezkariek.
Asteartean, uztailak 17, Euskara Elkargunean Gasteizko talde euskaltzaleek Udal Gobernuak egindako kokapen proposamenari baiezko baldintzatu bat eman ondoren Lazarraga Kultur Elkarteak (LKE) bere iritzia plazaratu nahi du.
Lehenik eta behin, hartutako erabakiaren aurrean, eta dagoeneko Gasteizko Kafe Antzokirako eta Euskararen Etxerako kokapena onetsita, zorionak eman nahi dizkiogu prozesu luze honetan parte hartu duten eragile guztiei: hiriko talde euskaltzaleei, Udalbatza osatzen duten alderdi guztiei, baina, bereziki Gasteizko Kafe Antzokiaren Aldeko Plataforman eta Lazarraga Kultur Elkartean parte hartu izan duten euskaltzale guztiei ere bai.
Aste honetan hartutakoa erabaki garrantzitsua izan da, gure hiriak aurrera atera nahi duen euskararen aldeko proiektu estrategiko honek badu kokapen adostu bat, beraz, jarri da lehen harria. Badu, beraz, bada.
Euskara Elkargunean LKEk adierazi duen bezala begi onez ikusten du GKA-OEE egitasmoa Ruiz de Bergara jauregian kokatzeko proposamena. Elkartearen ustez gune horretan programa kulturala garatzeko behar diren beharrak ase daitezke. LKEk programa ahalik eta hoberen gauzatu aldera, udalarekin batera eraikinak izango dituen espazioen banaketa adostu behar dituela uste du.
Baina, aldeko iritzi-baldintzatua izango da, alde batetik, Udal Gobernuak egitasmoaren bideragarritasun ekonomikoa bermatuko duen proposamena egin, eta LKErekin adostu beharko du. Bestetik, akordio hori Udalbatzan ordezkaritza politikoa duten alderdi politiko guztiek babestea nahiko genuke, orain arteko proiektuaren aldeko kontsentsu zabalari euste aldera.
Udal Gobernuari akordio baterako dokumentua aurkeztea eskatzen diogu. Agiri horretan epeak, proiektuaren garapenaren zehaztapenak eta bideragarritasun ekonomikorako konpromisoak agertu beharko lirateke.
Aurrera begira Gasteizerako eta Arabarako estrategikoa den proiektu hau osasuntsu gauzatu dadin, LKEk administrazio publiko ezberdinen parte-hartzea ezinbestekotzat jotzen du, Arabako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza, besteak beste. Ildo horretan, LKE prest dago Gasteizko Udalarekin batera bidelagun horiek bilatu eta beraiekin elkarlana sustatzeko.
Gasteizko euskaltzale ugarik espero zuten albistea izan dugu aste honetan, orain epeak, bermeak, kudeaketa eredua eta diru-iturriak zehazteko unea da.
Elkarrekin eta elkarlanean aritzeko ordua da.